Imanol Urbietari

Hogei bat urte izango dira harrezkero, baina ez daukat ahazteko Ran roberran mendira joan ginen arratsalde hartakoa. Bidean, baserri bitxi batean, akerra ikusi genuen baratzean jaten eta alboan betaurrekodun asto bat. Haiei begira gaudela, non entzuten ditugun oilarrak kukurruku, katuak miau-miau… Eta kanta, kanta, kanta, kantari aurrera segi genuen. Ran roberretik jaitsi eta belartzan oinez hasi; poltsikoan eskuak, oinak arrastaka, “luzea da bidea?” galdetuz. Tipi-tapa, tipi-tapa, ezustekoa hankapean; tximeleta mendian lore baten gainean! Orduan azaldu zenigun tximeletak harrapatzeko uztaiak gora-gora altxatu behar direla, lurretik zerura; jira alde batera eta gero bestera. Bat-batean, non gerturatzen zaigun zaldi pintto bat trostan; “Mac Mikel badoa!” esan zenuen. Atzetik zihoakion Jon Braun, indio txiki bat zen Jon Braun.

Ni, orduko argazkietan, txiki-txiki-txikia ikusten naizenean, zurekin akordatzen naiz, Manolo. Non ote zabiltza? “Ibiltzen, ibiltzen ari naiz nire herriko bideetan. Zein ederrak diren mendiak! Hor nabil ametsetan…”. Eta zer amesten duzu? “Txoria naizela, txoria naizela. Amets polit hura, amets polit hura gaur ere nahi nuke sinistu…”. Bakarrik eta libre, bazoaz. Gauez argitzen zaizu bidea, argitzen zelaiak, zuhaitzak, mendiak… Hau ez dago ahazterik. Zuri esker, Manolo, bizitza kantu bat da guretzat.

Miren Amurizak, Berrian gaur idatzia… Sentibera…

 

 

Advertisements

Donostiako Bageraren Mintzalaguna ekimenari, Antton Abbadia saria

Antton Abbadia saria ez da lehia batean txukunen aritu denari ematen zaion horietarikoa. 1996az geroztik, Gipuzkoako Aldundiak euskararen normalizazioaren eta erabileraren aldeko lana aitortu nahi du sari honekin;  euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko pertsona edo elkarte oinezkoen jardunaren aitorpen izan nahi du. Ahalegin isila onesteaz gain, urte luzetako sustrai sakonez etorkizunerako eredugarri izan daitezkeen jokabideak sustatuz. Aurreko urteetan Joserra Gartzia, eta Zarautzen hain ezagun dugun Imanol Urbieta izan baziren sarituak, aurten, Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkartearen Mintzalaguna ekimena izan da saritua. Gaur izan da saria emateko ekitaldia, eta bertan Mintzalagun euskara dakigun guztiok garela gogorarazi digute. 1993an Donostiako Bagerak egitura eman zionetik, ekimena hamaika herritara zabaldu da, eta geroz eta gehiago dira bere denboran euskaraz aritu eta, euskaraz aritzeko aukera emateko prest direnak.

Vascuencearen legea, euskaldunak amorratzen 25 urtez

1980an, Foru Hobekuntza izango zenaren oinarriak sinatu zituenean, Nafar Parlamentuak euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko ebazpena onartu zuen, eta proposamena Madrilen defendatzeko ordezkaritza izendatu. Zenbait bilera egin ziren, baina haietan erabakitakoa ez zetorren hasierako ideiarekin bat: Madrildik bueltan, euskara «eremu euskaldunean» baino ez zen ofiziala. Hala jaso zuen 1982ko Nafarroako Foru Hobekuntzak. Eta irizpide horretan oinarrituz egituratu zen Nafarroako Euskararen Legea, 1986ko abenduaren 15ean. Nafarroa hiru eremutan banatu zuen, eta eremu euskaldunerako bakarrik gorde hizkuntzaren ofizialtasuna. Hura ez da ospatzekoa, baina gauzak beti nola begiratzen diren… Euskaraz bizitzeko nahia, Nafarroan, geroz eta irmo eta ozenagoa da.

106.660 artikulu euskaraz…

Euskal Wikipedia… hau idazten ari garenean, 106.660 artikuluz osaturiko entziklopedia askea. Zure esku hori baliatzea, zure esku hori hobetzea, zure esku hori aberastea. Jakintza, elkar-trukean, musu-truk.

Urteurrena aitzakia hartuta, atzoko egunez, Durangoko Azokako Kabi@ gunean UEU eta Gerediaga elkartearen eskutik ordenagailuekin lanean jarri zen jendea… Wikipedian artikuluak nola moldatu azaltzeaz batera, euskarari eta antzeko hizkuntza txikiei dakarkien onura azpimarratu zuten. Edukiak sortu eta egoki azaltzeak ahalegina eta borondatea eskatzen ditu, baina hamaika etxetara iritsiko dela jakiteak zirrara ere sortzen du.

Ilusioz ereindako hazia… Zorionak Egunkaria!

1989ko abenduan, Durango-ko Azokan, euskarazko egunkaria izango zenaren hamaika oinarriak zehaztu zituzten: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, alderdi politikoekiko eta erdal komunikabideekiko independentea, ez-instituzionala baina bai diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria.

Urtebete beranduago, lan handia egin ostean, gaurko egunez ikusi zuen Euskaldunon Egunkariak argia… Durangora agertu zen, eta gure artean izan, 2003ko otsailaren 20ean ahotsa ixildu zioten arte. 15mila ale egunero, hutsik egin gabe, 40mila irakurletik gora… Horregatik akaso hartu zion lekukoa Egunero izeneko berri-paperak… Xumeagoa, baina aurrekoa bezain duina, arrazoiz jantzia… ekainaren 21ean, udaberriak emandako alerik helduena bailitzan, Berria sortu zitzaigun arte… Zorionak Egunkaria!

Durangoko Azokak ateak zabalik

Ingurukoei begiratu, eta gehienetan konparatzeko joera izan ohi dugu… Beti dago besteengandik zer ikasia. Galiziarrak dira aurten Azokako gonbidatu bereziak… eta haiek, duela lau urte jaio zitzaien azoka gazteari guretik ikasteko asmoz etorri direla esan digute. Elkarlanetik asko ikasten delako, eta guk egindako bideak, akaso, haien ibilbide berrian lagun ditzakelako.

Norabide berria hartu nahi du aurten Durangoko Azokak, hiru gune berrirekin: Aretoa, Ahotsenea eta Haur Literatur Aretoarekin batean, Irudienea, Kabia@ eta Szenatokia topatuko ditugu, Kultura unean-uneari estu loturik garatzen delako. 4000tik gora nobedade aurkeztuko dira aurten.