Euskararen eguna guztiak direla aldarrikatzeko astea…

Horixe da gaur Zarauzko Etxezabalan emandako mezua… Euskararen Nazioarteko eguna bertan dugula, gure eguneroko jarduna Euskaraz Blai bizitzeko aldarrikapena. Ilusioz eginiko egitaraua aurkeztu da bertan, aurten, gaztetxoenei bakarrik ez, gazteei ere begira antolatua: ipuin kontalariak, antzerkia, filmeak, hitzaldiak, bertso saioa, trikitilariak… eta baita Durangoko Azokara bisita ere. Gure ahotsak ozen entzun daitezen, asteari amaiera larunbatean bertan emateko asmotan gara, eguzkia zein euria lagun… kantu jiran! Donibane Plazan ikusiko dugu elkar, arratsaldeko 17:15etan.

Advertisements

Euskararen egunaren harira…

1949an Eusko Ikaskuntza izan zen abenduaren 3a Euskararen eguna izendatu zuena. Inork zerbaiten eguna ospatzeko beharra sentitzen duenean, bi gauza ditu buruan bederen: harrotasuna, noski, baina baita aldarria ere. Ekimen ugari antolatuko dira egun horren harira, baina izan gaitezen zentzudun… ez dadila izan alperrekoa gure jarduna… Izan daitezela guztiak Euskararen  Eguna.

Aurten ere, Zarauzko EBPNren baitan, DBHko ikasleentzat Euskararen egunerako pegatina lehiaketa antolatu da… Oinarriak ikastetxeetan banatu dira, eta zuen artista sena euskararen mundura hedatzea da helburua. Datozen egunotan izango duzue jakingai gehiagorik, izan erne!

Sarean zure lehen hitza euskaraz al da?

Akaso ez zaizu inoiz bururatu… Sarean nondik nora gabiltzan dakien Anaia Nagusi ugari dago, eta horiei, euskaraz egiten dugula, eta euskara lehenesten dugula jakinarazteko modurik bada: Zure nabigatzailea euskalduna bada, hostalarietara joan eta eskatu diozun hori euskaraz eskatuko du berak… Denda batean sartu eta zure lehen hitza euskaraz bada, sarean ere, gauza bera egiteko aukera duzu… Zorionez, zure ordenagailuak bi minutuan ikas dezake euskaraz… Lagunduko al diozu?