hastapenetan…

Hauek izan ziren Ezkurrean Haritza blogean jasotako lehen idatziak… Hilabete parea baino ez, baina bertan jasotako efemerideak garrantzitsu zirelako jaso nahi izan ditugu… Ikasturte berriarekin batera, blogak ibilbide berria hasi nahi du, euskara bizi dugulako, euskaraz bizi garelako.

Galtxagorrien istorioa laster, zuentzat!

Orduan ulertuko duzue lehen hitzon esanahia.

Galtxagorri bihurri!

– Lanean eta lanean eduki behar dituk galtxagorriak. Ez daitezela sekula gelditu. Bestela, gorriak eta bi ikusi beharko dituk…

2011-11-08, 19:15

Sarean zure lehen hitza euskaraz al da?

Akaso ez zaizu inoiz bururatu… Sarean nondik nora gabiltzan dakien Anaia Nagusi ugari dago, eta horiei, euskaraz egiten dugula, eta euskara lehenesten dugula jakinarazteko modurik bada: Zure nabigatzailea euskalduna bada, hostalarietara joan eta eskatu diozun hori euskaraz eskatuko du berak… Denda batean sartu eta zure lehen hitza euskaraz bada, sarean ere, gauza bera egiteko aukera duzu… Zorionez, zure ordenagailuak bi minutuan ikas dezake euskaraz… Lagunduko al diozu?

2011-11-11, 07:48

Euskararen Egunaren harira…

1949an Eusko Ikaskuntza izan zen abenduaren 3a Euskararen eguna izendatu zuena. Inork zerbaiten eguna ospatzeko beharra sentitzen duenean, bi gauza ditu buruan bederen: harrotasuna, noski, baina baita aldarria ere. Ekimen ugari antolatuko dira egun horren harira, baina izan gaitezen zentzudun… ez dadila izan alperrekoa gure jarduna… Izan daitezela guztiak Euskararen Eguna.

Aurten ere, Zarauzko EBPNren baitan, DBHko ikasleentzat Euskararen egunerako  pegatina lehiaketa antolatu da… Oinarriak ikastetxeetan banatu dira, eta zuen artista sena euskararen mundura hedatzea da helburua. Datozen egunotan izango duzue jakingai gehiagorik, izan erne!

2011-11-13, 17:41

Euskararen Eguna guztiak direla aldarrikatzeko astea

zarauzko-euskararen-eguna1Horixe da gaur Zarauzko Etxezabalan emandako mezua… Euskararen Nazioarteko eguna bertan dugula, gure eguneroko jarduna Euskaraz Blai bizitzeko aldarrikapena. Ilusioz eginiko egitaraua aurkeztu da bertan, aurten, gaztetxoenei bakarrik ez, gazteei ere begira antolatua: ipuin kontalariak, antzerkia, filmeak, hitzaldiak, bertso saioa, trikitilariak… eta baita Durangoko Azokara bisita ere. Gure ahotsak ozen entzun daitezen, asteari amaiera larunbatean bertan emateko asmotan gara, eguzkia zein euria lagun… kantu jiran! Donibane Plazan ikusiko dugu elkar, arratsaldeko 17:15etan.

2011-11-29, 18:45

Euskararen Nazioarteko Egunaren ajeak…

Hizkuntza kulturari lotzen zaiolako halabeharrez, Euskararen Eguna ekitaldiz josia izan genuen atzo; aretoak baino gehiago, kaleak euskaraz bizi nahi dugun herritarrez betegenituen, egunerokotasunari aldarri eginez. Horixe behar du euskarak, atzo izan genituen eskenatoki haiek berak…

Arrakastatsu izan omen dira ekintza gehienak… Normalkuntza bidean, akaso bai. Azken 30 urteotan euskaldunon kopurua bikoiztu omen da, hori ere arrakasta da desberdintasunak gaitzaren pare tratatzen dituen gizarte honetan… Botila erdi betea dagoela ikusi behar, oraindik ere beste erdia betetzeko dugula jabetzeko.

Baina botilzaldieroa- mintzodromoaa erdi hutsik ikusi ere, ikus daiteke… Pako Aristik, euskara ahotik kendu zioten belaunaldiari errekonozimendurako eguna behar lukeela dio, euskararen eguna ospatzeko aitzakiarik ezin topa dezakeela, eta Zaldieroak Gipuzkoako ehun bat eragilek babestutako Donostiako Mintzodromo arrakastatsua ghetto gisa irudikatu digu… Horixe gure egunerokoa…

Ia ziur, guztiek dute arrazoi… Baina Zarauzko Musika Plazan euskara zabalduaz lau haizetara zabalago egiten gara hunkiturik kantatu genuen batek baino gehiagok… Behin betiko… euskaraz Euskal Herrian zioten ahurren ahotsek… gogotsu, jolasti, haiek jabetu gabe… gure ametsaren oihartzun.

2011-12-04, 22:12

Abenduaren lehenengo astea...

Abendua kulturaz blai datorkigu euskaldunoi… Durangoko Euskal Liburu eta Disken azokak 46 urte beteko ditu aurten, eta heldutasuna aspalditxo iritsi zuelako nonbait, gure idazle eta musikarientzako urtearen ardatza antolatzen duela esan genezake.

Abenduaren lehen aste honek ere eraman zizkigun bi harribitxi, Mikel Laboa bata, Xabier Lete bigarrena. Gaurkoan Xabier Lete joan zitzaiguneko lehen urteurrena dugu, eta hark utzitako hutsunea bere kantekin betetzera gatoz. Onintza Enbeitak egin dio Berrian omenaldia… Irakurri, gogoratu… goza ezazu… Ezin ahaztu

lete1

Ni ere langile baten alaba naiz. Ez aita bezain langilea, baina langilea neu ere. Zuri ikasi nizun handitzen ginenean ikusiko genuela isilik egoteak zenbat balio duen, eta gizaberez jositako gizarte honetan halaxe izan da. Mundu guztiak agindu nahi du, eta gu, gizabereok, gero eta makurrago goaz haren edo honen zerbitzurako lanera. Ia inork ere ez ditu sustraiak lurrari lotuak. Zuk Euskadi behar zenuen, baina gaurko jendeari Euskadi txiki gelditu zaio; munduko hiritarren mundua da oraingoa. Dena den, lehen zein orain, mundua amodio amorek mugitzen du. Euskaldunoi asko kostatzen zaigu amorea deklaratzea, baina badugu maitasuna jendearentzat zein herriarentzat. Urtebete da amets gabeko loak hartu zintuela, eta ez dakizu Kantauriko urak nola handitu diren. Espero dut urak euren bidera itzuliko direla eta aro zoragarri bat zabalduko dela murgildu nahi dutenentzat. Xabier, zuk ezin zenuen Euskal Herri zeurea maite, eta, hala ere, ezin zenuen bizi bertatik aparte. Nik ez dakit Euskal Herri gureak merezi adina maite izan zintuen. Ez dakit. Ez nazazu utzi kantatzen zenigun zuk, eta azkenean zeuk utzi gintuzun. Gaur, bainila gozo artean kontsumitu nahi dut zure oroimena, iragan denbora arrotzean irakatsi zenigun guztiaren akorduz.

2011-12-04, 23:05

Durangoko Azokak ateak zabalik

42543durango300Ingurukoei begiratu, eta gehienetan konparatzeko joera izan ohi dugu… Beti dago besteengandik zer ikasia. Galiziarrak dira aurten Azokako gonbidatu bereziak… eta haiek, duela lau urte jaio zitzaien azoka gazteari guretik ikasteko asmoz etorri direla esan digute. Elkarlanetik asko ikasten delako, eta guk egindako bideak, akaso, haien ibilbide berrian lagun ditzakelako.

Norabide berria hartu nahi du aurten Durangoko Azokak, hiru gune berrirekin: Aretoa, Ahotsenea eta Haur Literatur Aretoarekin batean, Irudienea, Kabia@ eta Szenatokia topatuko ditugu, Kultura unean-
uneari estu loturik garatzen delako. 4000tik gora nobedade aurkeztuko dira aurten.

2011-12-05, 23:11

Ilusioz ereindako hazia… Zorionak Egunkaria!

uzta

1989ko abenduan, Durango-ko Azokan, euskarazko egunkaria izango zenaren hamaika oinarriak zehaztu zituzten: euskaltzalea, nazionala, zabala, baterakoia, alderdi politikoekiko eta erdal komunikabideekiko independentea, ez-instituzionala baina bai diruz lagundua, profesionala, militantea eta berria.

Urtebete beranduago, lan handia egin ostean, gaurko egunez ikusi zuen Euskaldunon Egunkariak argia… Durangora agertu zen, eta gure artean izan, 2003ko otsailaren 20ean ahotsa ixildu zioten arte. 15mila ale egunero, hutsik egin gabe, 40mila irakurletik gora… Horregatik akaso hartu zion lekukoa Egunero izeneko berri-paperak… Xumeagoa, baina aurrekoa bezain duina, arrazoiz jantzia… ekainaren 21ean, udaberriak emandako alerik helduena bailitzan, Berria sortu zitzaigun arte… Zorionak Egunkaria!

2011-12-06, 11:43

106.660 artikulu euskaraz…

wikipedia 10 urte euskaraz

Euskal Wikipedia… hau idazten ari garenean, 106.660 artikuluz osaturiko entziklopedia askea. Zure esku hori baliatzea, zure esku hori hobetzea, zure esku hori aberastea. Jakintza, elkar-trukean, musu-truk.

Urteurrena aitzakia hartuta, atzoko egunez, Durangoko Azokako Kabi@ gunean UEU eta Gerediaga elkartearen eskutik ordenagailuekin lanean jarri zen jendea… Wikipedian artikuluak nola moldatu azaltzeaz batera, euskarari eta antzeko hizkuntza txikiei dakarkien onura azpimarratu zuten. Edukiak sortu eta egoki azaltzeak ahalegina eta borondatea eskatzen ditu, baina hamaika etxetara iritsiko dela jakiteak zirrara ere sortzen du.

2011-12-07, 10:40

Vascuencearen Legea, euskaldunak amorratzen 25 urtez

1980an, Foru Hobekuntza izango zenaren oinarriak sinatu zituenean, Nafar Parlamentuak euskara Nafarroa osoan ofiziala izateko ebazpena onartu zuen, eta proposamena Madrilen defendatzeko ordezkaritza izendatu. Zenbait bilera egin ziren, baina haietan erabakitakoa ez zetorren hasierako ideiarekin bat: Madrildik bueltan, euskara «eremu euskaldunean» baino ez zen ofiziala. Hala jaso zuen 1982ko Nafarroako Foru Hobekuntzak. Eta irizpide horretan oinarrituz egituratu zen Nafarroako Euskararen Legea, 1986ko abenduaren 15ean. Nafarroa hiru eremutan banatu zuen, eta eremu euskaldunerako bakarrik gorde hizkuntzaren ofizialtasuna. Hura ez da ospatzekoa, baina gauzak beti nola begiratzen diren… Euskaraz bizitzeko nahia, Nafarroan, geroz eta irmo eta ozenagoa da.

2011-12-15, 21:40

Donostiako Bageraren Mintzalaguna ekimenari, Antton Abbadia saria

Mintzalaguna

Antton Abbadia saria ez da lehia batean txukunen aritu denari ematen zaion horietarikoa. 1996az geroztik, Gipuzkoako Aldundiak euskararen normalizazioaren eta erabileraren aldeko lana aitortu nahi du sari honekin; euskararen erabilera arnasberritu, gizarteratu eta hedatzeko pertsona edo elkarte oinezkoen jardunaren aitorpen izan nahi du. Ahalegin isila onesteaz gain, urte luzetako sustrai sakonez etorkizunerako eredugarri izan daitezkeen jokabideak sustatuz. Aurreko urteetan Joserra Gartzia, eta Zarautzen hain ezagun dugun Imanol Urbieta izan baziren sarituak, aurten, Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkartearen Mintzalaguna ekimena izan da saritua. Gaur izan da saria emateko ekitaldia, eta bertan Mintzalagun euskara dakigun guztiok garela gogorarazi digute. 1993an Donostiako Bagerak egitura eman zionetik, ekimena hamaika herritara zabaldu da, eta geroz eta gehiago dira bere denboran euskaraz aritu eta, euskaraz aritzeko aukera emateko prest direnak.

2011-12-16, 22:56

2012.01.14 …Adiorik ez!

zaldieroa txillardegi

2012-01-18, 21:38

 

Advertisements