Abenduko lehen astea…

Abendua kulturaz blai datorkigu euskaldunoi… Durangoko Euskal Liburu eta Disken azokak 46 urte beteko ditu aurten, eta heldutasuna aspalditxo iritsi zuelako nonbait, gure idazle eta musikarientzako urtearen ardatza antolatzen duela esan genezake.

Abenduaren lehen aste honek ere eraman zizkigun bi harribitxi, Mikel Laboa bata, Xabier Lete bigarrena. Gaurkoan Xabier Lete joan zitzaiguneko lehen urteurrena dugu, eta hark utzitako hutsunea bere kantekin betetzera gatoz. Onintza Enbeitak egin dio Berrian omenaldia… Irakurri, gogoratu… goza ezazu… Ezin ahaztu

Ni ere langile baten alaba naiz. Ez aita bezain langilea, baina langilea neu ere. Zuri ikasi nizun handitzen ginenean ikusiko genuela isilik egoteak zenbat balio duen, eta gizaberez jositako gizarte honetan halaxe izan da. Mundu guztiak agindu nahi du, eta gu, gizabereok, gero eta makurrago goaz haren edo honen zerbitzurako lanera. Ia inork ere ez ditu sustraiak lurrari lotuak. Zuk Euskadi behar zenuen, baina gaurko jendeari Euskadi txiki gelditu zaio; munduko hiritarren mundua da oraingoa. Dena den, lehen zein orain, mundua amodio amorek mugitzen du. Euskaldunoi asko kostatzen zaigu amorea deklaratzea, baina badugu maitasuna jendearentzat zein herriarentzat. Urtebete da amets gabeko loak hartu zintuela, eta ez dakizu Kantauriko urak nola handitu diren. Espero dut urak euren bidera itzuliko direla eta aro zoragarri bat zabalduko dela murgildu nahi dutenentzat. Xabier, zuk ezin zenuen Euskal Herri zeurea maite, eta, hala ere, ezin zenuen bizi bertatik aparte. Nik ez dakit Euskal Herri gureak merezi adina maite izan zintuen. Ez dakit. Ez nazazu utzi kantatzen zenigun zuk, eta azkenean zeuk utzi gintuzun. Gaur, bainila gozo artean kontsumitu nahi dut zure oroimena, iragan denbora arrotzean irakatsi zenigun guztiaren akorduz.

Euskararen Nazioarteko Egunaren ajeak…

Hizkuntza kulturari lotzen zaiolako halabeharrez, Euskararen Eguna ekitaldiz josia izan genuen atzo; aretoak baino gehiago, kaleak euskaraz bizi nahi dugun herritarrez bete genituen, egunerokotasunari aldarri eginez. Horixe behar du euskarak, atzo izan genituen eskenatoki haiek berak…

Arrakastatsu izan omen dira ekintza gehienak… Normalkuntza bidean, akaso bai. Azken 30 urteotan euskaldunon kopurua bikoiztu omen da, hori ere arrakasta da desberdintasunak gaitzaren pare tratatzen dituen gizarte honetan… Botila erdi betea dagoela ikusi behar, oraindik ere beste erdia betetzeko dugula jabetzeko.

Baina botila erdi hutsik ikusi ere, ikus daiteke… Pako Aristik, euskara ahotik kendu zioten belaunaldiari errekonozimendurako eguna behar lukeela dio, euskararen eguna ospatzeko aitzakiarik ezin topa dezakeela, eta Zaldieroak Gipuzkoako ehun bat eragilek babestutako Donostiako Mintzodromo arrakastatsua ghetto gisa irudikatu digu… Horixe gure egunerokoa…

Ia ziur, guztiek dute arrazoi… Baina Zarauzko Musika Plazan   euskara zabalduaz lau haizetara zabalago egiten gara hunkiturik kantatu genuen batek baino gehiagok… Behin betikoeuskaraz Euskal Herrian zioten ahurren ahotsek… gogotsu, jolasti, haiek jabetu gabe… gure ametsaren oihartzun.

Euskararen eguna guztiak direla aldarrikatzeko astea…

Horixe da gaur Zarauzko Etxezabalan emandako mezua… Euskararen Nazioarteko eguna bertan dugula, gure eguneroko jarduna Euskaraz Blai bizitzeko aldarrikapena. Ilusioz eginiko egitaraua aurkeztu da bertan, aurten, gaztetxoenei bakarrik ez, gazteei ere begira antolatua: ipuin kontalariak, antzerkia, filmeak, hitzaldiak, bertso saioa, trikitilariak… eta baita Durangoko Azokara bisita ere. Gure ahotsak ozen entzun daitezen, asteari amaiera larunbatean bertan emateko asmotan gara, eguzkia zein euria lagun… kantu jiran! Donibane Plazan ikusiko dugu elkar, arratsaldeko 17:15etan.

Euskararen egunaren harira…

1949an Eusko Ikaskuntza izan zen abenduaren 3a Euskararen eguna izendatu zuena. Inork zerbaiten eguna ospatzeko beharra sentitzen duenean, bi gauza ditu buruan bederen: harrotasuna, noski, baina baita aldarria ere. Ekimen ugari antolatuko dira egun horren harira, baina izan gaitezen zentzudun… ez dadila izan alperrekoa gure jarduna… Izan daitezela guztiak Euskararen  Eguna.

Aurten ere, Zarauzko EBPNren baitan, DBHko ikasleentzat Euskararen egunerako pegatina lehiaketa antolatu da… Oinarriak ikastetxeetan banatu dira, eta zuen artista sena euskararen mundura hedatzea da helburua. Datozen egunotan izango duzue jakingai gehiagorik, izan erne!

Sarean zure lehen hitza euskaraz al da?

Akaso ez zaizu inoiz bururatu… Sarean nondik nora gabiltzan dakien Anaia Nagusi ugari dago, eta horiei, euskaraz egiten dugula, eta euskara lehenesten dugula jakinarazteko modurik bada: Zure nabigatzailea euskalduna bada, hostalarietara joan eta eskatu diozun hori euskaraz eskatuko du berak… Denda batean sartu eta zure lehen hitza euskaraz bada, sarean ere, gauza bera egiteko aukera duzu… Zorionez, zure ordenagailuak bi minutuan ikas dezake euskaraz… Lagunduko al diozu?